lunes

IDIAZABAL JATORRIZKO IZENDAPENA




Idiazabal Jatorrizko Izendapena hainbat urtez ari da argitalpen honetan parte hartzen, eta esker onez beteta gaude Legazpiko Udalak gure kezkak eta xedeak adierazteko ematen digun aukera hau dela eta. Udalerri honetan gure artzainen lana babesteko egiten ari diren lan handia ere eskertu nahi genuke.

Parte hartze hauetan guztietan gure bertako ardiak izan dira protagonistak, latxak eta Karrantzakoak, eta horiek izan dira Idiazabal Jatorrizko Izendapena izateko arrazoia ere. Seguru gaude artzainek gure baserriei, gure mendiko herriei eta gure kulturari bizirik eusten jarraitu behar dutela, behar soziala da. Gurea defendatuko ez bagenu eta, bereziki, diferentziaren balioa defendatuko ez bagenu, gure izendapenak ez luke zentzurik.

Denok izango zenuten zehaztasun gehiago edo gutxiagorekin aurtengo urtean Jatorrizko Izendapenak izandako gorabeheren berri, hobeto esan, jokoko arauak onartu ez dituztenek izandako gorabeheren berri. Seguru asko denbora kontua zen gure arrazak defendatzeko politika hau mundu guztiarentzat behar bezain “onuragarria” ez izatea. Agian burutik pasa ere egin beharko zitzaigun horrelakorik, Idiazabal markak nazioartean gero eta ospe handiagoa duela ikusita. Kontua da, ordea, azkeneko urte honetan berez gure izateko arrazoia dena defendatu beharreko erreferente bihurtu dela eta defendatzen jarraituko dugu, eta ez hitzez bakarrik.

Idiazabal Jatorrizko Izendapenean ez diogu inori utziko artzainen irudia eta lana erabilita irabaziak lortzen, ez Izendapen barrutik ez kanpotik. Artzainok ahalegin handia egiten duzue, zuen lana oso ongi ezagutzen duzue, belaunaldiz belaunaldi iritsi baita zuengana milaka urtean zehar. Kontsumitzaileak iruzurtzen edo nahasten ere ez diogu inori utziko eta horretarako beharrezko ekintza guztiak hasiko ditugu, legezko tresna posible guztiak erabiliko ditugu eta ondorio guztiak guregain hartuko ditugu.

Horregatik guztiagatik, jakinarazi nahi dizuegu aurten gertatutako guztiak ahuldu ordez indarberritu egin gaituela gure ardiak, gure jendea eta, azken batean, gure lurraldea defendatzeko. Gainera, argi geratu da Idiazabalen balioa; izan ere, ekoizleen zeregin onari esker gero eta aitormen eta balio handiagoa dituen gazta da, eta ez hemen bakarrik, baita hemendik kanpo ere; gure mugetatik kanpo kalitate oso handiko gaztaren ospea hartzen ari da eta, batez ere, gazta bakarraren ospea. Meritua ez da Izendapenarena, edo ez berea bakarrik behintzat; horregatik, latxa eta Karrantzako ardien alde eginez jarraitzen duzuen gaztagile guztioi eta bakoitzari adierazi nahi dizuegu gure ekintzarik ez zela gauzatuko zuen konbentzimendurik eta pazientziarik gabe. Aukera dugunez, eskerrak eman nahi dizkizuegu artzainei eta gaztagileei, partikularrei, sukaldariei, dastatzaileei… zuen laguntza eta ausardiagatik: zuen laguntzarekin, gauden tokian iraungo dugu.