
Hainbat gaztagintza-lantegik Idiazabal herritik gertu dagoen mendi-portuaren izenarekin bataiatu duten gazta berri bat aurkeztu dute Donostian. Zenbait hilabete lehenago, enpresa-talde horrek Jatorrizko Deiturarekin saltzen jarri zituen etiketatutako gaztak faltsutu dituela egiaztatu zen.
Gazta berriak, aurpegia garbitu nahian, irregulartasun ugari gordetzen du bere azalaren azpian.
Iruzurra egin zutenek eta gazta berria babestu dutenek ez diote garrantzirik eman nahi Jatorrizko Deituratik kanpo geratzen diren milioi litro esne erabiltzeari. Tradizioari eutsiz eta antzinako ohiturak jarraituz gazta egingo duen artzain bakar bat dagoen bitartean, zigortu egin beharko lirateke modu industrialean egindako gazta eskuz egindakoa izango balitz moduan saltzeko erabiltzen diren azpijokoak.
Ezin da txartzat jo, kalitatea oinarri izanda, enpresa batek ekimen berriak martxan jartzea baina merkataritza-interes batekin horretarako estrategia nahasgarriak erabiltzea gaitzetsi beharreko gauza da. Gaztaren irudia, etiketen kolorea, mezua eta “usaina”…. guztiak Jatorrizko Deituraren izpiritua irudikatzen du. Promoziozko irudiek artzainak eta paraje ederretan jaten duten ardi latxak erakusten ditu. Irudi horietan ez dira ukuiluetan itxita dauden assaff ardi israeldarrak ikusten eta horietatik jasotzen dute gazta berri hori egiteko esne gehiena.
Laburtuz, dena egiazkoa dirudi. Kalitatea eta konpromisoa hitzekin dator gazta berria eta, gainera, merkeago. Lehiaketa desleiala, zalantzarik gabe. Kontsumitzaileok ezin dugu ahaztu azokan produktu bat erosten dugunean, arbasoengandik jasotako kultura erosten ari garela; gazta egiteko betiko modu hori gure ondarearen zati bat da eta gazta horrek ondarearen eta ingurunearen artean dagoen harremana erakusten du. Benetan tristea izango litzateke euro gutxirengatik gure herriaren kultur ondarea galtzea.