
Artzaintza dut kontagai; barrendik baitatorkit kantari. Ene baitan ardiak. Baina kontuz gero. Har dezagun ardia irudi bezala. Ardia izenarekin batera dator bere izana ere. Alegia, mugarik gabeko izena dela esan nahi dut. Hasi goi-goitik eta behe beheraino. Ez hasierarik ez bukaerarik ez duen lanbidea. Zeru eta lurrekin bat egina. Izarrak zeruan zabal-zabal, halaxe larratzen duten zelaian, lurra zeru bihurtuz. Bakean, bakoitza bere baitan baina elkarren artean bat eginik, artalde bat osatuz. Ardiek ere guk bezala, gidari bat dute, bestalde ardi galduak lirateke. Ardiak ardi izateko zeru lurren osagai guztiak behar ditu, eta artzain bat. Zuhaitza, harkaitza edo ardia bera, lurraren zati den bezalaxe da artzaina ere, ibilian. Artzainak ardiak maitatuko ditu. Ardiek beren artzaina. Artzainak eguna ardien inguruan beteko du. Artzainak ardiengatik lan egingo du. Ardiek artzainarengatik. Halaxe sortua da gure lanbide zaharra.
Ene barrena etengabean da ari.
Goi mendietan:
Baso, harkaitz eta zelai,
Nonahi elorri.
Noiznahi laino eta euri.
Bertan barreiatzen bildots ta ardi.
Artzainaren hatsak lasaia dirudi;
Guztiokin nahi dut heriotza bat bizi.
Jon Arregy