
Ardi latxa eta bere emaitzak dira gure gaurko aztergai eta oso gogoko lana du hori Artzain Eskolak.
Artzain Eskolaren izateko arrazoia ardi latxa da eta bere inguruan bizi direnak… artzainak. Gure ardi latxa eta karrantzana izan ez balira Artzain Eskola ere ez zen izango. Gure nahia hauxe da. Ardi arraza hauei eutsi, zaindu eta aurrera atera eta lan horretan arituko diren gazteak prestatu lan hau eramangarri dakien eta diru bide eta bizi bide ere dakien.
Gaur Legazpin gauza asko ikusiko ditugu: Gipuzkoako ardirik esnetsuenak, horien esnearekin egindako gazta gozo eta zoragarriak, beraien okelarekin prestatutako plater erakargarriak, arraza geroz eta emankorragoa egingo duen enkantea, lanak nola egiten erakutsiko duen ardi moztea, artzaintzan beharrezko diren tresnen erakusketa eta salmenta, sariak norentzat izango diren erabakiko duten epaileak.
Hantxe, gure maisu izan diren artzainak. Hantxe munduan zehar gure artzaintzaren izen ona zabaldu dutenak, hantxe, nahiz eta bera zuzenean artzaintzan jardun ez, artzaintzaren alde lan bikaina egiten ari den pertsona. Hauek eskertzeko eta txalotzeko aukera ederra izango dugu; Artzain Eskolakoak behintzat benetan eskertzen ditugu eta gure txalorik beroenak beraientzat.
Eta artzainak, batez ere artzainak. Artzainak beraien penak eta pozak elkarri azaltzen; artzainak ardiei begira gozatzen, artzainak haurrei gazta nola egin erakusten, artzainak beren produktu berdin gabeak saltzen, ardi latxaren emaitzak gehienak. Hantxe egongo dira Artzai Gaztakoak, Idiazabal Jatorrizko Deiturakoak… Hantxe baita Itsasmendikoiren Artzain Eskolakoak ere eskolaren berri emateko. Hantxe ehunka artzain eta artzaintza maitale.
Bai, egun handia izaten da, egun honetan, Gipuzkoako artzainok, Legazpin ospatzen duguna. Norbaitek esan lezake artzainak mendian hobeto gaudela, ardiak kalea zikintzen dutela. Baita trafikoko tresna horiek ere zikintzen dute kalea eta ardiarena baino zikinkeri kaltegarriagoarekin gainera. Eta ez al du ardiak lehen etxeak eta plazak egiteko ostu zitzaizkion sailetara urtean behin bada ere etortzeko eskubiderik? Kontuz gero.
Bai, egun handia da gaur Gipuzkoako artzainak Legazpin ospatzen dutena, egun alaia, egun emankorra, kulturaz eta tradizioz jantzitako eguna, kaletar eta menditarrak elkartzeko oso egokia, denon artean gure latxa eta gure IDIAZABAL indartzeko egun aproposa, denok suspertzeko eta elkartzeko eguna.
Artzain Eskolarentzat eta Itsasmendikoirentzat ere benetan egun pozgarria.
Artzain Eskolakoak