lunes

ARDI-TALDE-LANA JORRATUZ



Sentitzen dut, adiskideok; badakit gaurko Artzain Eguna festa egun handia dela Gipuzkoako artzainontzat, guztiok elkartu eta ondo pasatzeko eguna baina nire artzain-ardi taldea jota dago eta kosta egiten zait irribarre egitea.

Pasa den urtea gogorra izan da nire artzain-ardi taldearentzat eta begietara begiratzen diedan bakoitzean nekea sumatzen dut gailentzen. Egia esan, urteak ere aurrera doaz eta buru asko zahartzen ari zaizkit, hauek berea eman dute eta ezin zaie gehiago eskatu. Gazteak berriz, zailtasunak itota, nahi baino gutxiago ateratzen dira eta kosta egiten zaie indartzea.

Ardiak ahul dauzkat, ezin izan diet behar adina pentsu eman prezioek neurri gabe egin baitute gora eta honek ondorio nabarmenak dauzka bai nire poltsikoan bai animalien emankortasun zein osasunean. Pena da hainbeste urtez latxaren hobekuntzan egindako lanari honelako zama bizkarreratzea. Hau gutxi ez eta ezin ahaztu udazkenean eltxo ezezagun batek ekarri zigun lurrikara, mingain urdina izeneko gaitz arrotza artaldeetan zabalduz eta datozen urteetan iraungo duen mehatxu beldurgarria hedatuz. Eta azkenik, ia koman dagoen gaixoari kartera kendu eta dauzkan aurrezki apurrak ere lapurtzeko gai direnak azaldu dira gurean, ardi larruz jantzitako otsoak; batek daki nongo esnearekin egindako gazta bertokoa balitz bezala salduaz.

Ikusten duzue lagunok, uste dut frogatu dugula zailtasunean zaildutako arraza izanik ez garela baso-erdi batean itotzen baina gaur egun bizi dugun egoera benetan egiten zaigu larria. Hala ere, oraingoz behintzat ez dugu amore emango eta beste urte batez Legazpiko kaleraino jaitsiko gara zuri, kaletar adiskidea, gure izaera zein produkturik onenak eskaintzeko eta bide batez, elkarlana eskatzeko.

Badakigu krisi hotsak gero eta ozenago diren garai honetan gizarte osoa dabilela estu baina gure ustez merezi du gure artaldeetan sortutako produktuen alde apustu egin eta guztiok batera bertako produkzioa, kalitatea eta salmenta zuzena bultzatzea, hau baita gure artzain-ardi taldeek ilusioa eta indarra berreskuratzeko bide bakarra. Gure ustez, ahaleginak merezi du, bai artzaintzaren onerako eta bai gizarte osoaren mesederako.

Ospatu dezagun beraz, Gipuzkoako Artzain Egun hau, konpromisozko itun honen sinatze jai bezala eta hortik abiatuz jorratu dezagun guztiontzako mesedegarri izango den benetako ARDI-TALDE-LANA .

ELE-Gipuzkoa elkartea